XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eskolaren auzia ere gure alde jarri beharra dago orain baino neurri askozaz ere handiagoan.

Erratzeko arrisku gehiegirik gabe esan dezakegu euskara baserritarren, abeltzainen, arrantzaleen eta bestelako langileen olagizonak esate baterako hizkuntza izan dela.

Merkatalgo nagusirako, ordea, ez da aski izan eta ezta auzietarako ere.

Kristau-erlijioa edatzea ere latina edatzearekin batera egin zen, gauzak amaseigarren mendean neurri batean bederen nolabait aldatu ziren arte.

Aldatu ere ez ziren Euskal Herri osoan berdin aldatu.

Batez ere iparraldean izan zuen lehenik euskal literaturak indar, beste alderdietan erdara zela nagusi izkribuetan, teoriaz gure hizkuntzaren alde jokatzen bazen ere.

Egoera hau erromatarren garaitik aurrera, bederen, zetorren, administrazio-hizkuntza bakarra, eta arrazoi horregatik beragatik inperialismo edo kolonizazio-hizkuntza, latina zenez gero.

Harrezkero handikiak bide horretan zehar ibili izan dira.

Gogora ekar dezagun Prudentzio laugarren mendearen azken aldeko latin-idazle kristaua, Kalagurri hiriari oso lotua eta agian bertan jaioa.

Orduko baskoiakatik dio: Bruta quondam uasconum gentilitas (noizbaiteko baskoien jentiltasun burugabekoa)(1) funtsean I. Bergmann-en edizioa segitzen du .

Eta beste alderdi batean: Nos Vasco Hiberus diuidit binis remotos Alpibus trans cottianorum iuga trans et Pyrenas ninguidos (Ebro baskoiak bereizten gaitu (Erroma-tik), bi Alpeak daudela... Pirineo elurrez beteen atzean)(2) .

Garai haretan Kalagurri baskoia zen nonbait, gehiago edo gutxiago erromanizatua.